XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bake Konferentziak indarkeriazko muga aldaketak ez ditu onartuko

Denen helburuak justiziarekin aseko dituzten irtenbide negoziatuak bilatuko dira

Europako Komunitateak, Jugoslaviako Lehendakaritza Kolegiatuak eta bertoko sei errepubliketako lehendakariek atzo Hagan aprobatu zuten bide ez baketsuetatik lortu diren muga aldeketak ez direla onartuko zioen amaierako deklarazioak.

Jugoslaviari irtenbide baketsua emateko egindako Bake Konferentziaren erabakiak zer nolako eragina izango duen ikusteke dago hala ere.

HAGA

Bake Konferentziaren hasierako sesioa alde guztiek beren onarpena eman zuten deklarazio bateratuarekin amaitu zen.

Dena den, datorren irailaren 12an bilduko dira berriro, ordurarteko bake prozesua nolakoa izan den aztertzeko eta neurri berriak hartu beharko diren eztabaidatzeko.

Amaierako testuak dio, Jugoslaviako krisiko alde guztiak konpromezua hartzen dutela denen helburuak justiziarekin aseko dituzten irtenbide negoziatuak bilatzeko.

Horretarako komisio bat eratuko dute Konferentzia aurrera eramateko pausuak jarriko dituena.

Era berean, atzo erabakitakoaren arabera, bake prozesua Europako Segurtasun eta Kooperazio Kontseiluak ezarritako printzipioetan oinarrituko da Europako Komunitatea, Lehendakaritza Kolegiatu jugoslaviarra, eta sei errepubliketako lehendakariek diote, atzo hasitako sesioak etorkizuneko Jugoslavia eta bere herriak izango direnaren negoziaketen etorkizuna markatzen duela eta onartzen dute hori denen onerako izango dela.

Atzo sinaturiko deklarazioak behin eta berriro dio muga aldaketak ez direla onartuko, horiek hitzarmen baketsuen bidez egin ez badira.

Deklarazioak gaineratzen du sinatzaile guztiek gure eskutan dagoen guztia egingo dugula bide baketsuak ezartzen suetena begirale guztiek behatu ahal izateko.

TUDJMAN, KUCAN, MILOSEVIC

Franjo Tudjman izan zen gogorren mintzatu zena Bake Konferentzian.

Berak gogor salatu zion Serbiari, gerra ez deklaratuaren bidez eginiko sarraskiengatik, dagoeneko duela urtebetetik hona 2.200 hildako sorrerazi dituena.

Horregatik Jugoslaviako krisiari irtenbidea emateko Baketzerako Indarrak bidaltzeko eskatu zion Europako Komunitateari.

Lehendakari kroaziarrak adierazi zuen nazioarteko komunitateak bakearen alde parte hartu behar duela Jugoslaviako krisian, eta nazioarteko erakundeek, Europako Komunitatetik hasita eta Nazio Batuen Erakunderaino zuzenki parte hartu beharko zutela.

Milan Kucan lehendakari esloveniarrak adierazi zuen beren independentzia prozesuarekin aurrera jarraituko zutela datorren azarotik aurrera, suetena sinatzeko prozesua gelditzeko baldintza bete ondoren.

Eslovenia eta Kroaziaren independentziaren nazioarteko onespena ezinbestekoa da, herriak hala erabakitakoa bake konferentzia batek ezin duelako aldatu.

Horrela eman daiteke soilik, Jugoslaviaren etorkizuna prestatzeko lehen urratsa.

Slovodan Milosevic lehendakari serbiarrak berriz, oharterazi zuen independentzia nahi dutenek barneko muga aldaketak egotea onartu beharko dutela eta Kroaziari akusatu zion Estatu terrorismoa praktikatzagatik.

Hagan Jugoslaviako bake konferentzia egiten zuten bitartean Kosovo-ko 8.000 albaniar eta 2.000 kroaziar Holandako hiriburuko kaleetan manifestaldia egiten zuten.

Kosovoko albaniarrak bere ordezkariak bake konferentzian onar zitezen eskatzen zuten.

Albaniarrek Lord Carrington bake konferentziaren koordinatzaileari karta bat entregatu zioten.

Bertan EKk Jugoslaviako krisian hartu duen jarrera pasiboa salatzen zuten.

Markovic gobernuburu jugoslaviarra eta De Michelis Italiako Atzerri ministroa.